XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Katoliko eta komunisten arteko elkarrizketak hasi zirenez geroztik, Marxen erlijio kritika salbatzeko saioak ugaritu dira.

Bide bat marxismoa metodu zientifiko soiltzat hartzea da: Hirugarren Munduko kristauek asko erabili dute bide hau, kristautasunari zaputz egin gabe marxista izateko.

Lurralde komunistetako kristauek ere, oposizio hutsean jarraitu nahi ez zutenean, bide hau hartu dute gehienbat, Estadu komunistarekin konziliatzeko (14) .

Beste bide bat, Reding-ena da: Marxena ateismo politikoa dela.

Gizarte antolatzeko burrukan indar sozial batzuek zuten proporzioak ekarri duela, eta egoera sozial diferente batetan bere balioa galtzen duela (15) .

G. Harmand-ek hirugarren bide bat eskaintzen du, konpondioa egiteko: marxismoa, kristautasuna bezalaxe, humanismo bat dela, eta helburu eta metodu diferentez jokatu nahi izan arren, funtsezko bion berdintasun hori oinarrizkoago dela.

Orain, mundua interes materialek menderatu duten hontan, marxismoak eta kristautasunak baliogo izpiritualen alde elkar hartu eta elkar osatu beharko luketela (16) .

Erizkera guztiok Marx historikoaren interpretazio baino gehiago, oraingo marxismoari begirazko interpretazioak dirudite.

Hortixe dator hauen merezimendurik bikainena ere.

Egungo munduan marxismoak eta kristautasunak elkarri muzinka segitzerik ez dadukatenaz ohartu ziren.

Gaurko zereginek elkar hartu eta denek batera ahalegintzea, eskatzen dutela.

Eta lan benetan txalogarria egin dute aspaldiko errezelo, ezinikusi, aurriritzi, erresumin eta etsaitasunak azpiratzeko.

Izotz blokeak hautsi beharra zegoen lehenengo.

Zenbait marxista ere kristautasunari alde onik aitortzen hasia zen (Togliatti, etc.).

Elkarren errespetoa elkarrizketarako aurre-baldintza denez gero, gorabeherok inportanteak dira, jarrera klasikoen abandonoa ere, batzuentzat nahiz besteentzat, elkarrizketa bidez bururatu denez gero bereziki.

Historiak bion artean jarritako hesietan hesate eta langa batzuk zabaldu ziren.

Xede honen larritasuna nahi ainakoa da.

Halere, onginahiezko interpretazio hauek, captatio benevolentiae bila, diferentzien benetako astuna ahazteko, haien inportantzia kaskartzeko, arriskua dute berekin.

Gainera, mendebaldeko Erresumetan eta Hirugarren Munduan, praxian, behintzat, oraindik biziki inportantea izan arren, eta teoria aldetik ere problemarik aski jarri arren, komunisten eta kristauen arteko elkarrizketak ez dirudi inola ere gaurko problema teorikorik larriena, gaurko munduari buruz-buru.